Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-06-06

SAN JOANAK, UDAKO JAIAK ETA KANTAK

Gabonak pasa eta sei hilabetetara udako solstizioaren etorrera ospatzen da urteko gaurik laburrenean. Ekainaren 24a San Joan Bataiatzailearen eguna da, Europako santurik ohoratuena.
Jatorri paganoa du San Joan jaiak eta Kristo Aurreko ospakizunetan oinarritutako ohiturak eta erritualak heredatu ditu.

San Joan gaua, ekainak 23, urteko gaurik motzena da ipar hemisferioan eta, argiaren garaipena iluntasunaren aurrean esan nahi du. Eguzkia, sua eta ura dira bere erritualetan ezaugarririk garrantzitsuenak eta gau horretan pizten diren suak gaitzetik babesten du jendea urte osoan zehar. Errautsak azaleko gaixotasunak sendatzen ditu legendaren arabera eta hiru aldiz salto egin behar da suaren gainetik urte on bat izateko.
Asko dira egun honetan jai hau ospatzen duten herriak, egia esan Euskal Herri osoan ospatzen dira. Baina bat aipatzearren Zugarramurdiko kobazulokoa aipatuko dut, bertan akelarrea ospatzen baitute.


Uda jaien urtaroa da Euskal Herrian; izan ere, ia hiri zein herri guztietako jaiak udako solstizioa pasatuta ospatzen dira. Gehienak zaindarien omenez izaten dira, sanferminak, santiagoak edo Andre Mariaren egunekoak, adibidez, baina badira Euskal Jaiak, Artzain Eguna edo hainbat ohitura historikori lotutako jaiak ere.



Sanferminak dira, batez ere Iruñekoak , kanpoan gehien ezagutzen diren jaiak. Uztailaren 6an hasten dira txupinazoarekin, eta 14ra arte jaia izaten da nagusi Nafarroako hiriburuko txoko guztietan. Jaietako ekitaldirik ezagunenak goizero egiten diren entzierroak dira. Lesakan ere ospatzen dute San Fermin (uztailak 7). Herria zeharkatzen duen Onin errekaren petrilean, makildantza egiten da.

Uztailaren amaieran Santiago eta San Inazio egunak ospatzen dira. Santiago egunean, uztailak 25, Garain eta Ordizian, adibidez, aurreskuak dantzatzen dituzte. Gipuzkoako herrian urte horretan ezkondu direnek dantzatzen dute. San Inazio (uztailak 31), berriz, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da. Hori dela eta, Loiolan , santuaren basilikan, prozesio garrantzitsua egiten da egun horretan. Gainera, Santiago egunaren aurreko edo ondorengo igandean Baztandarren Biltzarra ospatzen da Nafarroan. Baztango 15 herrien jaia da eta Elizondon egin ohi da.

Abuztuan, batik bat, hiriburuen txanda izaten da. Hilaren hasieran (abuztuak 2) Baionan Leon erregeari harrera egiten diote. Bost egunetan, baionarrak zuriz eta gorriz janzten dira baionarrak eta jai giroan murgiltzen da Lapurdiko hiriburua. Zeledonek hartzen dio lekukoa, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiekin, abuztuaren 4tik aurrera. Jarraian, kainoikada batek Donostiako Aste Nagusia hasten dela esango digu, abuztuaren 15eko astean. Hurrengo astean Bilbokoa ospatzen da, Marijaiaren etorrerarekin batera.



Irailean, Euskal Jaiak ospatzen dira herri batzuetan. Zarautzen, Donostian, Urretxun eta Ordizian, adibidez, berreskuratzen dute euskal jaien tradizioa. Udan egiten dira baita Artzain Egunak: Uharte-Arakilen, Amurrion eta Legazpin, esaterako.

Iturria: hiru.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario