Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-06-07

NEGUKO JAIAK, OHITURAK ETA KANTAK

Urteak urtaroak ditu, eta urtaro bakoitzak bere ezaugarriak ditu: neguak, hotza dela eta elurra egiten duela; udaberriak, epela dela eta loreak agertzen direla; udak, bero egiten duela eta egun luze eta eguzkitsuak direla; eta, azkenik, udazkenak, hotza agertzen dela eta hostoak erortzen direla.

Urtaro bakoitzak, ordea, ezaugarri horiek izateaz gain, festa egun berezi batzuk ere baditu. Lehen akaso, errotuago zeuden egun horiek baserritarren ohiturekin, baina gaur egun, baserri mundua gainbehera doan arren, ohitura horiek mantentzen dira (ziur aski asko galdu egingo baziren ere). Orain ohitura horietako batzuk gogoratuko ditut eta ikusiko dugun bezala, Euskal Herriko ohitura asko eta asko erlijiosoak dira.

Abenduaren 6an, San Nikolas jaian, txikienak izaten dira protagonista nagusiak. Egun horretan, sei urteko haur bat gotzainez janzten da eta, beste umeekin batera, santuari abesten diote kaleetatik; bitartean, balkoietatik gozokiak botatzen dizkiete. Gipuzkoan, adibidez, Segurako eta Legazpiko jaiak dira ezagunak.

Hona hemen gazteleraz eta euskaraz nahasturik lehen eta gaur egun ere abesten den San Nikolas eguneko kantaren letra eta partitura:

Urte berri berri
txerri belarri
otarra bete gaztaina
gainean lukaika bi.
San Nikolas coronado
confesor es muy ondrado
ale, ale, alegría
todo el mundo alabaría.
Aquí estamos cuatro
cantaremos dos
una limosnita
por amor de Dios.
Aingeruak gara
zerutik gatoz
poltsa badegu baina
eskean gatoz.
San Nikolas coronero
confesero mari andrés
alarguna dontzellea
cantaremos alegría
bost etxetan sei ate
zazpi etxetan su ote.
Aingeruak gara
zerutik jeitsi gara
una limosnita por amor de Dios".


Dena den, nik txikitatik bizi izan dut Segurako San Nikolas eguna eta guk beste era batera abesten genuen, honela:

San Nikolas Txikia
gure ganbaran hazia
gure ganbaran zer dago?
haren gona gorria

Bost eta sei bakalau jale
bost eta sei hamaika
txorixorik ez bal(d)in bada
berdin dela lukainka
berdin dela lukainka!
BOTA!!! BOTA!!!

Eta ohiu horiek eginaz amaitzen genuen. Ondoren etxeetako balkoietatik, intxaurrak, mandarinak, dirua, goxokiak...botatzen zuten. Eta, noski, haur guztiok harrapaladan ibiltzen ginen ahalik eta gehien jaso nahian. Bitartean, San Nikolas, obispo txikia, pottokatik jaitxi eta etxeetara igotzen zen, eta han dirua ematen zioten. Hona hemen San Nikolasen irudia:


Abenduan, Santa Luziako feria eta Santo Tomas egunen ostean, gabonak izaten ditugu. Eta gabonetan, kantak ez dira falta izaten. Gabonetako kantu guztiak, ordea, ez ditugu ekarriko orain gogora, eta bat aukeratzekotan, gurea dena ekarri dut: Olentzero. Bere gainean sakatuz gero, gabonetako hainbat kanta, eta sorpresa gehiago ere izango dituzue.

Urte berriarekin batera, Donostian eta Azpeitian, batez ere, egun handia ospatzen dute, San Sebastian eguna eta danborren soinuez betetzen dituzte kaleak. Abestia entzun nahi izanez gero, sakatu bertan, hitza ere badu.

Otsailean, jai ezagun bi ospatzen dira. Alde batetik, 3an San Blasak ospatzen dituzte, eztarriko minak sendatzen dituen santuaren omenez. Tradizioaren arabera, kordel fina eraman behar da lepoan bederatzi egunez, etorkizunean eztarriko gaixotasunik ez edukitzeko. Bestalde, handik egun batera, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, koru ugari Euskal Herriko herrietan eta hirietan zehar ibiltzen dira, santaren abestia kantatzen. Musikaren erritmoa markatzeko, makila luzeekin lurra kolpatzen dute.





Jai laiko deigarrienak eta koloretsuenak Inauteriak dira. Hiriko Inauteri modernoak daude, Tolosakoak esaterako, eta, bestalde, landa-eremukoak eta tradizionalagoak daude, Zuberoako maskaradak eta Lantzeko Inauteriak (Nafarroa) kasu. Landa-eremuko aratusteen adibide gisa, Inauterietako igandean Markina-Xemeinen (Bizkaia) zagi-dantza egiten dute. Gazte-talde batek euskal aratusteen dantza aipagarrienetakoa interpretatzen dute. Konpartsarekin batera eta hezitzaile batek kontrolatuta, hartz bat doa kaleetatik umeak izutzen.

Aste Santuan, Kristoren nekealdia kaleetara lerratzen da. Hala, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan, Jesusen azken orduak birgogoratzen dituzte egun horietan, prozesioen eta erlijio kutsuko antzerkien bidez. Gaur egun Seguran, Bilbon eta Balmasedan ospatzen dute prozesioa Ostegun Santuan (beste herrietan Ostiral Santuan egiten da eta hiru toki horietan bi egunetan egiten dituzte martxak) eta ezin hobeto eutsi diote tradizioari, urteak eta mendeak aurrera joan ahala. Beste hainbat herritan ere, dena dela, prozesio eta ekitaldi bereziak egiten dituzte egun hauetan, Hondarribian, Azkoitian, Bermeon, Lagranen, Corellan eta Andosillan, esate baterako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario