Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-06-07

NEGUKO JAIAK, OHITURAK ETA KANTAK

Urteak urtaroak ditu, eta urtaro bakoitzak bere ezaugarriak ditu: neguak, hotza dela eta elurra egiten duela; udaberriak, epela dela eta loreak agertzen direla; udak, bero egiten duela eta egun luze eta eguzkitsuak direla; eta, azkenik, udazkenak, hotza agertzen dela eta hostoak erortzen direla.

Urtaro bakoitzak, ordea, ezaugarri horiek izateaz gain, festa egun berezi batzuk ere baditu. Lehen akaso, errotuago zeuden egun horiek baserritarren ohiturekin, baina gaur egun, baserri mundua gainbehera doan arren, ohitura horiek mantentzen dira (ziur aski asko galdu egingo baziren ere). Orain ohitura horietako batzuk gogoratuko ditut eta ikusiko dugun bezala, Euskal Herriko ohitura asko eta asko erlijiosoak dira.

Abenduaren 6an, San Nikolas jaian, txikienak izaten dira protagonista nagusiak. Egun horretan, sei urteko haur bat gotzainez janzten da eta, beste umeekin batera, santuari abesten diote kaleetatik; bitartean, balkoietatik gozokiak botatzen dizkiete. Gipuzkoan, adibidez, Segurako eta Legazpiko jaiak dira ezagunak.

Hona hemen gazteleraz eta euskaraz nahasturik lehen eta gaur egun ere abesten den San Nikolas eguneko kantaren letra eta partitura:

Urte berri berri
txerri belarri
otarra bete gaztaina
gainean lukaika bi.
San Nikolas coronado
confesor es muy ondrado
ale, ale, alegría
todo el mundo alabaría.
Aquí estamos cuatro
cantaremos dos
una limosnita
por amor de Dios.
Aingeruak gara
zerutik gatoz
poltsa badegu baina
eskean gatoz.
San Nikolas coronero
confesero mari andrés
alarguna dontzellea
cantaremos alegría
bost etxetan sei ate
zazpi etxetan su ote.
Aingeruak gara
zerutik jeitsi gara
una limosnita por amor de Dios".


Dena den, nik txikitatik bizi izan dut Segurako San Nikolas eguna eta guk beste era batera abesten genuen, honela:

San Nikolas Txikia
gure ganbaran hazia
gure ganbaran zer dago?
haren gona gorria

Bost eta sei bakalau jale
bost eta sei hamaika
txorixorik ez bal(d)in bada
berdin dela lukainka
berdin dela lukainka!
BOTA!!! BOTA!!!

Eta ohiu horiek eginaz amaitzen genuen. Ondoren etxeetako balkoietatik, intxaurrak, mandarinak, dirua, goxokiak...botatzen zuten. Eta, noski, haur guztiok harrapaladan ibiltzen ginen ahalik eta gehien jaso nahian. Bitartean, San Nikolas, obispo txikia, pottokatik jaitxi eta etxeetara igotzen zen, eta han dirua ematen zioten. Hona hemen San Nikolasen irudia:


Abenduan, Santa Luziako feria eta Santo Tomas egunen ostean, gabonak izaten ditugu. Eta gabonetan, kantak ez dira falta izaten. Gabonetako kantu guztiak, ordea, ez ditugu ekarriko orain gogora, eta bat aukeratzekotan, gurea dena ekarri dut: Olentzero. Bere gainean sakatuz gero, gabonetako hainbat kanta, eta sorpresa gehiago ere izango dituzue.

Urte berriarekin batera, Donostian eta Azpeitian, batez ere, egun handia ospatzen dute, San Sebastian eguna eta danborren soinuez betetzen dituzte kaleak. Abestia entzun nahi izanez gero, sakatu bertan, hitza ere badu.

Otsailean, jai ezagun bi ospatzen dira. Alde batetik, 3an San Blasak ospatzen dituzte, eztarriko minak sendatzen dituen santuaren omenez. Tradizioaren arabera, kordel fina eraman behar da lepoan bederatzi egunez, etorkizunean eztarriko gaixotasunik ez edukitzeko. Bestalde, handik egun batera, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, koru ugari Euskal Herriko herrietan eta hirietan zehar ibiltzen dira, santaren abestia kantatzen. Musikaren erritmoa markatzeko, makila luzeekin lurra kolpatzen dute.





Jai laiko deigarrienak eta koloretsuenak Inauteriak dira. Hiriko Inauteri modernoak daude, Tolosakoak esaterako, eta, bestalde, landa-eremukoak eta tradizionalagoak daude, Zuberoako maskaradak eta Lantzeko Inauteriak (Nafarroa) kasu. Landa-eremuko aratusteen adibide gisa, Inauterietako igandean Markina-Xemeinen (Bizkaia) zagi-dantza egiten dute. Gazte-talde batek euskal aratusteen dantza aipagarrienetakoa interpretatzen dute. Konpartsarekin batera eta hezitzaile batek kontrolatuta, hartz bat doa kaleetatik umeak izutzen.

Aste Santuan, Kristoren nekealdia kaleetara lerratzen da. Hala, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan, Jesusen azken orduak birgogoratzen dituzte egun horietan, prozesioen eta erlijio kutsuko antzerkien bidez. Gaur egun Seguran, Bilbon eta Balmasedan ospatzen dute prozesioa Ostegun Santuan (beste herrietan Ostiral Santuan egiten da eta hiru toki horietan bi egunetan egiten dituzte martxak) eta ezin hobeto eutsi diote tradizioari, urteak eta mendeak aurrera joan ahala. Beste hainbat herritan ere, dena dela, prozesio eta ekitaldi bereziak egiten dituzte egun hauetan, Hondarribian, Azkoitian, Bermeon, Lagranen, Corellan eta Andosillan, esate baterako.

2009-06-06

SAN JOANAK, UDAKO JAIAK ETA KANTAK

Gabonak pasa eta sei hilabetetara udako solstizioaren etorrera ospatzen da urteko gaurik laburrenean. Ekainaren 24a San Joan Bataiatzailearen eguna da, Europako santurik ohoratuena.
Jatorri paganoa du San Joan jaiak eta Kristo Aurreko ospakizunetan oinarritutako ohiturak eta erritualak heredatu ditu.

San Joan gaua, ekainak 23, urteko gaurik motzena da ipar hemisferioan eta, argiaren garaipena iluntasunaren aurrean esan nahi du. Eguzkia, sua eta ura dira bere erritualetan ezaugarririk garrantzitsuenak eta gau horretan pizten diren suak gaitzetik babesten du jendea urte osoan zehar. Errautsak azaleko gaixotasunak sendatzen ditu legendaren arabera eta hiru aldiz salto egin behar da suaren gainetik urte on bat izateko.
Asko dira egun honetan jai hau ospatzen duten herriak, egia esan Euskal Herri osoan ospatzen dira. Baina bat aipatzearren Zugarramurdiko kobazulokoa aipatuko dut, bertan akelarrea ospatzen baitute.


Uda jaien urtaroa da Euskal Herrian; izan ere, ia hiri zein herri guztietako jaiak udako solstizioa pasatuta ospatzen dira. Gehienak zaindarien omenez izaten dira, sanferminak, santiagoak edo Andre Mariaren egunekoak, adibidez, baina badira Euskal Jaiak, Artzain Eguna edo hainbat ohitura historikori lotutako jaiak ere.



Sanferminak dira, batez ere Iruñekoak , kanpoan gehien ezagutzen diren jaiak. Uztailaren 6an hasten dira txupinazoarekin, eta 14ra arte jaia izaten da nagusi Nafarroako hiriburuko txoko guztietan. Jaietako ekitaldirik ezagunenak goizero egiten diren entzierroak dira. Lesakan ere ospatzen dute San Fermin (uztailak 7). Herria zeharkatzen duen Onin errekaren petrilean, makildantza egiten da.

Uztailaren amaieran Santiago eta San Inazio egunak ospatzen dira. Santiago egunean, uztailak 25, Garain eta Ordizian, adibidez, aurreskuak dantzatzen dituzte. Gipuzkoako herrian urte horretan ezkondu direnek dantzatzen dute. San Inazio (uztailak 31), berriz, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da. Hori dela eta, Loiolan , santuaren basilikan, prozesio garrantzitsua egiten da egun horretan. Gainera, Santiago egunaren aurreko edo ondorengo igandean Baztandarren Biltzarra ospatzen da Nafarroan. Baztango 15 herrien jaia da eta Elizondon egin ohi da.

Abuztuan, batik bat, hiriburuen txanda izaten da. Hilaren hasieran (abuztuak 2) Baionan Leon erregeari harrera egiten diote. Bost egunetan, baionarrak zuriz eta gorriz janzten dira baionarrak eta jai giroan murgiltzen da Lapurdiko hiriburua. Zeledonek hartzen dio lekukoa, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiekin, abuztuaren 4tik aurrera. Jarraian, kainoikada batek Donostiako Aste Nagusia hasten dela esango digu, abuztuaren 15eko astean. Hurrengo astean Bilbokoa ospatzen da, Marijaiaren etorrerarekin batera.



Irailean, Euskal Jaiak ospatzen dira herri batzuetan. Zarautzen, Donostian, Urretxun eta Ordizian, adibidez, berreskuratzen dute euskal jaien tradizioa. Udan egiten dira baita Artzain Egunak: Uharte-Arakilen, Amurrion eta Legazpin, esaterako.

Iturria: hiru.com

2009-06-05

BLOG INTERESGARRI BAT


Irudiotan duzuen bloga, "musika bidean" izenekoa da. Bertan herrialde ezberdinetako musika topatu ahal izango duzue. Oso blog interesgarria iruditu zait. Blog honen egileak bidaiatu duen herrialde bakoitzeko argazki zoragarriak atera ditu eta horiek zintzilikatzeaz gain, bertako musika ere jarri du. Hortaz, merezi du orrialde horretan sartzea.

Batez ere arabiar munduko abeslariak eta argazkiak topatuko dituzue: Tunez edo Iran esate baterako. Gainera, berak gomendatutako orrialdeak oso ederrak dira: arabiar munduko emakume artista batzuen lanak ezagutzeko...

Animatu eta sartu "musika bidean" izeneko blogean!

2009-06-04

AFARIETAKO KANTAK

Lagunekin, familiarekin edota lankideekin afariren bat izaten dugunean, postrea amaitu ondoren eta kafea mahai gainean dugunean, etortzen zaigu kantatzeko gogoa. Gogoa edo ohitura. Momentu horretan beti izaten da norbait "ixil ixilik dago..." abestuz hasten dena. Eta noski bat hasi eta besteok jarraitu.


Dena den, orain bada kezka bat: ez omen dugu lehen bezainbeste kantatzen. Ez dakit lehen zenbat abesten zuten, baina egia da zenbaitetan ez garela ausartzen kantatzera. Uste dut oso naturala dela abestea, une horretan gustura gaudelako, eta horrek, naturalki, abestera edo dantzatzera bultzatzen gaitu. Egoera horri uko egitea, gure nahiei uko egiteaz gain, gure kulturari ere uko egitea dela esango nuke.


Zein abesti kantatzen ditugu? ixil-ixilik dago, txantxibirin-txantxibirin, Xalbadorren heriotzean, Erribera...kanta horietako askoren egileak nortzuk diren ez dakigu "kanta herrikoiak" deitzen diegu; beste batzuenak, berriz, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Erramun Martikorena...dira. Halere, guretzat, iada, kanta herrikoi bihurtu dira.

Hona hemen halakoetan abesten ditugun hainbat eta hainbat kanta. Norbaitek jakin ezean, ikas ditzake, abestien gainean klikatuz gero, abestia bera entzungo baitezake. Hortaz, ez dago aitzakiarik. Hurrengo afarirako ikas ditzake:


- Oi ama Euskal Herri (Benito Lertxundi)

- Bagare (Gontzal Mendibil eta Xeberri)

- Aitormena (Hertzainak)

- Izarren hautsa (Xabier Lete)

- Izarren hautsa (Mikel Laboa)

- Txoria-txori(Mikel Laboa)

- Xalbadorren heriotzean (Erramun Martikorena)

- Eperra (Anje Duhalde)

- Erribera (Benito Lertxundi)

- Lau teilatu (Itoiz)

- Loretxoa (Benito Lertxundi)

- Itsasontzi baten (kaxiano)

KANTUGINTZA LANTZEN DUGU

Kantugintza bultzatzeko asmoz, hainbat tailer egin izan dituzte Gasteizko IKA euskaltegian. Helburua da, ikasleek euskal kantuak ezagutzea eta kantuz gozatzea. Izan ere, ez duzu zertan abeslari ona izan kantatzeko, garrantzitsuena gogoa izatea da.
Katu tailer hauetan, afarietan abestu izan ohi ditugun kantak ikasteaz gain, gaur egungo abesti ezagunak ere ezagutzen dituzte. Hala, Euskal Herrian ditugun hainbat eta hainbat abeslari onen kantak ezagutzen dituzte.
Plan ederra ezta?
Ondoren, iazko kantugintza tailerreko argazki bat ikusiko dituzue.



Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, jo orrialde honetara:

http://gasteiz.ikanet.net/euskara/argazkiak/tailerrak-kantugintza