Abestea nire ustez artea da, gozamena, beharra, ohitura... eta zure ustez?

2009-04-23

NOMADAK TX


Oreka TX taldeak atzo Gasteizko Artium museoaren kanpo aldean eskaini zuen emanaldia. Ikusgarria! bertan izan ginenok Gasteizko gabeko hotzaz gain, txalaparta eta beste hainbat soinu-tresnen eta ahotsen berotasunaz ere gozatu genuen.

Gabeko bederatzietan zen hastekoa emanaldia, baina oraindik argitasuna zegoenez kalean, apur bat beranduago hasi zen. Hala, ilundu zuenean, musikariak eskenatokira igo eta bideo proiekzioko hainbat eta hainbat lurralde, pertsona, ohitura eta kanta, Artium museoaren horman agertu ziren.

Oreka TX taldearen instrumentu nagusia txalaparta dela esango nuke; dena den, beste hainbat musika tresnen laguntza ere badute; sei lagun aritu ziren bi ordu eta erdiz eskenatoki gainean sokei tiraka, haizezko instrumentuei putzaka eta mundu osoko danbor ezberdinei kolpeka. Baina ez ziren sei horiek izan protagonista bakarrak, izan ere, India, Sahara eta mongoliako abeslarien ahotsak eta musika soinuak ere entzun genituen. Azken musikari horiek, ordea, ez ziren eskenatokian egon, bideo proiekzioaren bidez, museoko horman ikusi eta entzun genituen.

Musika talde honetako kideak aipatu herrialdeetan zehar ibili dira bidaiatzen. Bidaiatzen eta musikaren bidez hemengo eta hango ohitura eta kultura partekatzen. Horretarako txalapartari bikote honek emanaldia eskaintzen zieten joandako lekuan; baina nire ustez, edo niri bitxiena iruditu zitzaidana izan zen, bertako materialaz eginiko txalaparta erabiltzen zutela. Esate baterako, leku hotzetara joan zirenean, izotzezko bloke batzuk hartu eta motozerraz izotz xafla ezberdinak egin (kontuan izanik xafla bakoitzak nota ezberdin bat izan behar zuela) eta horiekin jotzen zuten beren musika. Ikaragarria!!! Saharan, berriz, bertako paisaian nagusi harriak direnez, harri xafla ezberdinekin eginiko txalapartaz baliatu ziren. Eta horrela herrialdez herrialde. Oso detaile ederra iruditu zait hori. Nolabait ere, denok lur berean bizi garela adierazten baitu, konexioa, alegia. Berdin zaigu harrizko, izotzezko edo egurrezko xaflen bidez hedatu gure musika, guztiona baita. Hori izan zen jaso nuen mezua.

Bestetik, bertako zenbaitek abesti batzuk abestu zituzten eta haiek abestu ahala, eskenatokitik musika ipini zien zuzenean, eta horretarako hainbat eta hainbat soinu-tresnaz edertu zituzten Gasteiztik mongolia edo saharako hitzak. Beste behin ere hor dugu konexioa.

Aukerarik baduzue ikusi, gomendatzen dizuet!

Dena den, norbaitek proiektu honen berri izan nahi badu, jo ondorengo orrialdera: http://www.nomadaktx.com/ Bertan trailerra ikusteko aukera ere baduzue. Dena den, zuzenean ikustea ezinbestekoa dela iruditzen zait, konexio horren berri izateko.

Ondoren, nahiz eta kalitate txarreko argazki eta bideotxoa izan, atzoko kontzertu honetako irudiak ipini dizkizuet, ea animatzen zareten!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario